ENA hedabideetan

ENA agiriari buruz sakondu nahi baduzu, hementxe dituzu prentsara igorritako ohar eta artikulu garrantzitsuenak. Aurkibidea eta gero, testuak irakurri ditzakezu:

a) Aurkibidea

•   2009.12.01, ENA Durangoko Azokan

•   2009.03.02 ENArekin hauteskundeetan bozkatu

•   2007.10.28 ENAren 10. urteurrenaren ospakizuna

•   2005.07.15 Udal gehiagotan ofiziala da ENA: 22 udal Euskal Herrian

•    2004.10.02. Bestelako apartheidak: Euskal Nortasun Agiria

•    2004.03.16 Zergatik behar dugun euskal nortasun agiria (Sustatu)

•    2004.03.25: Elkarrizketa ENAko sortzaileetako bati

•    2004.02.28: ENAk bigarren agiria sortu du: Euskal Sendi Agiria

•    2003.11.13: ENA Eguna “Herritartasuna eta Europa”

•    2002.02.13: DNI ez da elebiduna

•    2001.06.02, ENAk aurrera jarraitzen du (Udalbiltza-Kursaal-ek Naziotasun Agiria egitea erabakitzen duenean) (ez zuten hedabideetan argitaratu)

•    2001.02.19: Nortasun agiria: baten ordez bi?

•    2000.10.07, Lehenengo ENA Eguna Bermeon

•    2000.09.21, Epai batek ENA identifikatzeko baliagarritzat eman du

•    2000.08.04, ENA naziogintzan urrats sendoa

•    2000.06.19: Informazio orokorra

b) Artikuluak

Gutuna 2009-12-01: ENA Durangoko Azokan

Aurten 12 urte beteko du ENAk Durangoko Azokan. 1997ko urrian sortu zen agiria, eta bi hilabete geroago, lehenengo agirien eskaera paperak banatu ziren Durangon. Hasieran gutxi, baina gero pila bat eskatu ziren, urte batean 1.000 eskaera. Orain, berriz, sukarra jaitsi eta gutxiago eskatzen dira.

Dozena bat urte hauetan, gauza asko gertatu dira: 35.000 herritarrok egin dugu ENA (Athletic-en oraingo bazkideak baino gehiago), 1.300.000 aldiz baino gehiago erabili dugu erosketetan, gestioak egitean, hauteskundeetan, eta 22 udaletan ofizialtasuna lortu da.

Agiri honek nor garen erakusteko balio izan du, herri eta pertsonal mailan. Kartera zabaldu besterik ez dugu egin behar, bertokoak garela erakusteko. Gure kale edo herri izenak euskaraz, euskal abizenak ondo idatzita. Gutxiagorik merezi ote dugu?

Bidean gauza gehiago ere etorri dira: nortasunari buruzko zazpi liburu, zazpi ENA Egun, Sendi Agiria…

ENAk ez dauka zerikusirik gaur egun dauden beste agiriekin. Borondatezkoa da (ez derrigorrezkoa), euskaraz dago (ez erdaraz), Euskal Herrikoa da (ez Espainia edo Frantziakoa). Horixe da ENA, zurea, guztiona. Eta zeuk, oraindik ENArik ez baduzu, Durangoko Azokan egongo garela jakin ezazu. Laster arte.

Prentsa oharra: 2007.10.28.  ENAren 10. urteurrenaren ospakizuna Bilboko Areatzan

Euskal Nortasun Agiria izena 1985 urtean sortu zen, gaurko elkarteko kide batek eskuz agiri bat egin zuenean. 1995 urtean, inprimatutako eredu bat plazaratu eta 1997 urteko udazkenera arte 2.000 ale zabaldu ziren. Udazken horretan, orain dela hamar urteko urrian, asmo pertsonal hau proiektu kolektibo bihurtu zen. Izan ere, elkarte bat sortu genuen, diseinu berria eginez eta agiriaren kalitatea hobetuz.

Hasieran inguruko ezagunei ENA egiten hasi ginenean erantzuna berehalakoa zen: «nik horrelako bat nahi dut». Lehenengo aurkezpen ofiziala 1999ko otsailaren 26an, beti lokala uzteko prest dagoen Bilboko Kafe Antzokian. Albistea Deia-n, Gara-n, Egunkaria-n, irratiren batean, Tele Bilb(a)on…, agertu zen. Normalean erdaraz agiriaz trufatuz, eta euskaraz gaia behar bezala tratatuz.

Herritarren erantzuna mota askotakoa izan zen. Askorentzat izugarrizko ideia, abertzale batzuentzat kromo bat, eta Espainiara begira zeudenentzat folklorekeria. Baina emaitzak lasterrera ikusten hasi ziren. Bermeok ENA ofizial bihurtu zuen. Gero beste batzuk etorri dira eta gaur egun ENA 25 udalerritan da ofiziala.

Eskaerak izugarri hazi ziren. Hirugarren urterako 11.000 ENA eginda zeuden. Durangoko Azokan 1.000tik gora eskaera. Erabilera gorantz zihoan eta, berarekin batera milaka gertaera: ENArekin identifikatu nahi izateagatik ertzainek zigortu nahi eta epaileak ENA erabiltzea ontzat ematea, Madriletik eraso mediatiko handia ENAren kontra: Aznar berak DNIa erakutsi eta eskubideak ematen dizkigun agiri gisa aurkeztu mitin batean, poliziaren bisita gure egoitzara, … Baina gehienetan ENA onartzen zuten gasolindegiek, supermerkatuek, udalek, hauteskundeetan…

Espainiako Gobernuak, hainbat urtez kontrakoa esan arren, estatuko beste hizkuntzak sartu zituen DNIn, modu partzial batez, langile erdaldunekin… Kasualitatea, ENA agiria indarra hartzen ari zenean hori gertatzea!

Baina indarraldi honen ostean, bat-batean hedabideetan albisterik ez, informaziorik ez. Zentsura geure komunikabideetan. Bai, ENAri hemengo asko indarra kentzen aritu dira. Beste proiektu bat bultzatzeko agiriaren ideia hartu, izena ia kopiatu, eta herritartasuna inongo herritan ematen ez duen aitorpen bat erabili, nortasun agiri itxurako aitorpen bat emateko. Baina ez hori bakarrik. Beste alderdi garrantzitsu batek ENA agiria kopiatu eta euren afiliatuen artean banatu!

Baina oztopoen gainetik, aurrera goaz. Gaur egun, 34.200 herritarrok dugu ENA agiria eta harro gaude, egindakoaz eta egiteke dugunaz. Harro gaude egunero erabiltzen dugulako, nonahi. Harro gaude arrazoia genuelako: Euskal Herriak agiri bat behar zuen bere nortasuna adierazten laguntzeko. Laguntzeko diogu, euskal nortasuna euskaraz bizitzea delako.

Horixe da ENA, zurea, guztiona. Igandean Bilboko Areatzan 10 kandela amatatuko ditugu zuekin.

Prentsa oharra: 2005.07.15 . Sei udal gehiagok ENA ofizializatu dute

Azken 8 hilabetetan beste sei udal gehiagok egin dute ofizial ENA: Alkiza, Izurtza, Larraul, Mañaria, Larraun eta Orendaingo Udalek. Onartu duten sei udal hauei esker, guztira, 22 dira gaur egun ENA nortasun agiria onartuta duten udalak Euskal Herrian.

ENA elkarteak, sortu zenetik 7 urte pasatu direnean, 33.000 agiri egin ditu. Beraz, biztanleriaren %1,2 identifikatzen gara euskal herritar modura. Guztira, ENA agiria 850.000 aldiz erabili dela kalkulatzen da zazpi urte hauetan. Horrez gain, Euskal Sendi Agiria ere sortu du Elkarteak, 5 liburu argitaratu dira, azkena “Euskal Herritartasun eta Naziotasunaren Atarian”, eta, azkenik, identifikazio agiriei buruzko erakusketa bat ere antolatu da.

Albiste Berrian

Iritzi artikulua: 2004.10.02. BESTELAKO APARTHEIDak: Euskal Nortasun Agiria

Badirudi aldaketa garaiak bizi garela Euskal Herrian: Ibarretxe Plana, Nazio Eztabaidagunea… Aurrerapausuak eman nahian baina, gai askotxotan… zaharrak berri.

Aro berrian, euskal nortasunean sakontzea garrantzitsua deritzogu. Lurralde bakoitzak bere erritmora joan behar izanik ere, Euskal Autonomi Erkidegoan onartuko den hurrengo estatutu berrian, nafarrekin, iparraldekoekin eta diasporako euskal herritarrekin lotuko gaituen zerbait behar da. “Zerbait” hori, besteak beste, Euskal Nortasun Agiria izan daiteke, zazpi lurraldetakook euskal herritarrak garela adieraziko duena.

ENA Elkarteak ekarpen bi egin ditu, bata Ibarretxe Planerako eta bestea Nazio Eztabaidagunerako. Bigarren honetan parte hartzean zur eta lur geratu ginen, horren bilkura nagusian parte hartzeko orrian  “EHNA, DNI edo CNI” eskatzen zelako.

Harridura handiena nortasun agiri bat eskatzea izan zen. Europan, nortasun agiria aurrezki kutxetan eta horrelakoetan eskatzen dute, ez bilkura batean parte hartzeko, elkarte bat legeztatzeko, udaletxean eskaera bat bideratzeko… Agirien erabilera oso murritza da eta ez dauka zerikusirik frankismoak ezarri zuen erabilera indiskriminatu eta kontrolazalearekin. Horregatik, ENA Elkartean beti esan dugu nortasun agirien erabilera zehazterakoan, Europara begiratu behar dugula, ez Madrilera.

Bigarren harridura handiena eskatzen ziren hiru agirien izenak izan ziren: “EHNA, DNI edo CNI”. Lehenengoa Naziotasun Aitorpena zen (ENA agiriarekin guztiz nahasgarria den EHNA siglen bidez izan ez balitz egokia liteke). Ondoren Espainiako eta Frantziako nortasun agiriak. Eta ENA?, Euskal Herrian ENA agiria dugun 32.000 herritarrok ez ahal genuen zilegi gure agiriaren zenbakia hor jartzea?

Hau bazterketa, apartheid-a. 32.000 euskal herritar bilkura publiko batean errefusatuta. DNI eta CNI jartzea eta ENA ez jartzea lotsagarri iruditu zitzaigun. Hala ere, proposamena egin genuen foro honetan.

Hilabete batzuk pasatu ondoren, Nazio Eztabaidaguneak amaitua zuen diagnostikoa eta liburua erosi genuen. Euskal Naziotasunaren erronkan, orain arte egin diren saiakera hauek aipatzen ditu azterketa horrek: Naziotasun aitormenaren tramitazioa; Naziotasuna: definizioa, errolda, etorkinak; Diasporarekin hartu-emanak; Euskal ordezkaritza: EHFS, emakumeen martxak eta Derrigorrezko frantses eta espainiar naziotasunari desobedientzia zibila.

Hau da, aipamen txikiena ere ez ENA Elkarteak sei urtetan egindako lanari buruz: 32.000 agiri, 800.000 aldiz erabilita, epaile batek identifikatzeko emandako onarpena, Espainiako medioek ENAri egindako erasoa aurreko EAEko hauteskundeetan (Aznar eta Zapatero bera DNI erakusten mitinean), sendi agiria, nortasunean sakontzeko egindako bost liburu (Euskal Nortasunaren Kontzientzia, Euskal izendegia, Identifikazio Moduak Mundu Zabalean, Eskualde Bereziak eta Eraikuntza Nazionala eta ENA: 6 Urtetako Kronika eta Erabiltzeko Gida), azken 4 urte hauetan egindako ENA Egunak, agirien erakusketa, etab.

ENA Elkartea aitzindaria izan da gai honetan, izugarrizko lana egin du, eta ezta lerro bat ere ez diagnostikoan. Ezin da Euskal Herria horrela eraiki, gurekin bat ez datozenak bide bazterrean uzten,  “ahazten”, zokoratzen.

Hala ere, ENA Elkarteak aurrera jarraitzen du eta urriaren 31n, Elkarteak 7 urte betetzen duen hilabetean, ENA EGUNA ospatuko dugu Berrizen. Urtero, nortasunarekin zerikusia duen gai bat jorratzen da, hitzaldi eta liburu baten bidez.

Ea estatutu berrian urrats kualitatibo garrantzitsua ematen dugun euskal nortasunaren defentsan!.

Sustatun emandako eztabaida: 2004.03.16.
Zergatik behar dugun Euskal Nortasun Agiria

ENA Elkarteak, Sustatun egondako galde-erantzunak irakurri ondoren, ondorengo zehaztapenak egin nahi ditu. Sustatun egindako ekarpenetan, batetik, nortasun agiri guztiak kentzearen alde eta, bestetik Naziotasun Aitormenaren alde jarduten da.

–    Sendi Agiriaren aurkezpena egin genuenean, horixe besterik ez genuen egin nahi: aurkeztea euskal herritarrei gure familiak beste modu batera ezagutarazi ahal dugula, estatuen liburu ofizial arrotzak erabili gabe. Horretarako agiri eramangarri, argazkidun, praktiko eta euskarazkoa sortu dugu, berriz ere, familia agiri “ofizialak” aurreratuz.

–    Orain dela sei urte ENA agiria sortu genuenean, argi geneukan ez genituela kopiatu nahi Espainiako DNIren akatsak: kontrolatzeko agiria, derrigorrezkoa, hatz markak jarri beharra, soinean eraman beharra, bere zenbakia agiri guztietan jarri beharra… Guk beti esan dugu: “euskaldunok, gure izen-deiturak esanda, identifikatzen gara”. Hau oso garrantzitsua da eta euskaldunoi dagokigun zintzotasunean oinarrituta dago. Ezin dugu hori galdu inolaz ere ez. Horregatik, ENA agiria, orain, eta independentzia lortuta ere, borondatezkoa izan beharko litzateke, Europako estatu gehienetan bezalaxe.

–    Horregatik, gure elkarteak, nortasun agirien zenbakia ahalik eta gutxien erabiltzearen aldekoa da. Ken dezagun kontratuetan, fakturetan… Izen-deitura nahiko eta soberan dira kasu gehienetan!

–    Euskalduna izateko ez da euskal agiririk behar. Noski. Baina gida baimenak Frantzia eta Espainiakoak dira, erdara hutsean edo “elebitasun” ederrean idatzita. Kreditu txartel asko erdara hutsean edo bi hizkuntzetan. Osakidetza berdin. Ezin dugu euskaldunok eta euskal herritar guztiok, Hegoaldekoek zein Iparraldekoek, euskara hutsezko agiririk eduki? Mila paper egin behar ditugu gure izen-deiturak euskal grafiaz edukitzeko?. Beste estatuek, borondatezko nortasun agiriak badituzte, gu geuk euskal herritarrok ezin dugu horrelakorik eduki?

–    Eta sendi agiria ateratzeko zergatik izenpetu behar dugu Erregistro Zibileko erdarazko liburua? Zergatik onartu behar dugu erdaldunez betetako bulegorik? Zergatik ikusi behar dugu gure hizkuntza bigarren mailan beti? Kokotaraino gaude, haiek ez badaude prest euskarari dagokion lekuan jartzeko, guk geuk jarriko dugu.

–    ENA agiria ateratzeko lau baldintzen artean, bata euskalduna izatea da. Hori da euskal herritarra izateko modu garrantzitsuena eta, gure arbasoek, horregatik jarri zioten gure herriari Euskal Herria izena.

–    Bigarren Udalbiltzak beste agiri bat egitea erabaki zuen: Naziotasun Aitormena. Erabaki desegokia iruditu zitzaigun nahasketa eta zatiketa sortaraziko zituelako. Baina nahasketa izugarri bihurtu zen sigla ia berdina ere aukeratu zutenean: EHNA. Gainera, karteletan, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena erabili beharrean, Euskal Herriko Nortasun Agiria edo Naziotasun Agiria erabiltzen hasi dira. Produktu desberdinagoa egin behar izan zuten, sigla batez ere. Ahalik eta gutxien nahasteko behintzat!

–    Hala ere, DNI edo CNI dagoen lekuetan ez dezagun gure agiria jarri, gehienetan ez delako zenbakirik behar! Eta dirua atera behar dugunean, edo gasolindegi edo supermerkatuan txartelaz ordaintzean, erakutsi dezagun Euskal Herrian gaudela, euskal nortasun agiriak, bata zein bestea erabiliz!

Euskal nortasunaren alde!
Euskararen alde!
ENAren alde!

ENA Elkartearen prentsa artikulua: 2004.02.28.
ENA Elkarteak bigarren agiria sortu du: Euskal Sendi Agiria

a) ENA Elkartearen 6 urtetako balantze laburtua

ENA Elkarteak sei urte ospatu ondoren, balantze baikorra egiten du egindako lanaz.

•    32.000 euskal nortasun agiri egin dira.
•    Agiria 800.000 aldiz erabili da, mota guztietako erakundetan.
•    Euskal Sendi Agiria egin dugu (Espero dugu inork ere ez kopiatzea!)
•    Bost liburu argitaratu ditugu, euskal nortasunaren inguruan: Euskal Nortasunaren Kontzientzia, Euskal izendegia, Identifikazio Moduak Mundu Zabalean, Eskualde Bereziak eta Eraikuntza Nazionala eta ENA: 6 Urtetako Kronika eta Erabiltzeko Gida.
•    Lau ENA eguna egin ditugu: Lehenengoa ENA Eguna Bermeon ospatu zen Euskal Herritartasuna gaiarekin, II.a Etxalarren Herritartasun Bikoitza, III.a Alontsotegin Paperik gabekoak eta Herritartasuna eta IV, Arruazun pasa den urrian: Herritartasuna eta Europa.
•    “Euskal nortasuna”ren gaia asko zabaltzen eta sakontzen lagundu dugu egindako lana eta argitalpenei esker. Orain dela 6 urte ia inork ez zuen aipatzen gai hau eta, gaur egun, hemengo alderdi gehienek eta zenbait erakundek euren diskurtso eta programetan jasotzen dute.
•    “Nortasuna eta identifikazio agiriak Euskal Herrian” izeneko erakusketa ere prestatu du Elkarteak. Honetan, azken 120 urte hauetan gure herrian erabili izan diren agiriak ikus daitezke eta, horrekin batera, ENA elkartearen historia eta lorpenak.

b) ENA Elkartearen partaideak

Erakunde irekia gara eta hainbat partaide eta laguntzailek hartzen dute parte:

•    Enakideak, hau da, elkartean laguntzen eta dirua ematen dugun bazkideok.
•    Laguntzaileak: herriz herri ekimena bultzatzen dutenak.
•    Udalak: 16 udalek agiri ofizial gisa aitortuta dute ENA. Udal hauek Euskal Herriko biztanleriaren %2 biltzen dute, hau da, 55.000 lagun inguruk ENA erabil dezakete modu ofizialez euren udalerrietan.
•    Elkarteak: 9 elkartek, gehienak euskara alorrekoak, laguntzen dute agiria zabaltzen.
•    Alderdiak: EA, Aralar eta Batzarrek agiriaren alde azaldu dira. Horiez gain, beste alderdietako hainbat lagunek euren aldekotasuna adierazi dute, laguntzen duten udaletan ikusi ahal izan denez.

c) Euskal Sendi Agiria

Orain arte, erabili izan ditugun sendi agiriek ez digute euskal nortasuna adierazten uzten, gugandik oso urrun dauden bi estatuek egindakoak direlako. Horregatik, Euskal Herrian gauden 934.000 familia, euskal sendi gisa agertzeko ezinbesteko tresna sortu dugu: Euskal Sendi Agiria. Bere garaian, ENA egin genuenean sortarazi genuen ALDAKETA antzeko bat gertatuko delakoan gaude honako honekin ere.

Familia liburuak honako hauetarako erabili ohi da:
•    Eskola edo ikastoletako matrikulak egiteko.
•    Kiroldegietako txartela egiteko.
•    Estatuko mugak igarotzeko.
•    Errenta aitorpena egiteko.
•    Seme-alabek 18 urte bete arte.
•    Enpresetan errenta aitorpena egitean eransteko.
•    Seme-alaben ikasketengatiko bekak.
•    Gizarte Segurantzako kartilan seme-alabak apuntatzeko… .

Aurrekoez kanpo Sendi Agiriak gure familia erakusteko balio izango du eta gure funtsezko datu batzuk euskaraz emateko, ikastea eta erabiltzearekin batera.

Sendi Agiria egin nahi baduzu, 944 234 631 telefono deitu eta informazio eta eskaera agiria bidaltzen dugu. ENA bultzatzen duten udaletxe eta elkarteetan eta egoitza nagusian ere tramitatu daiteke: Erripa, 6 – Bilbo –  48001 (enalekartea@euskalnet.net).

d) Espainiako eta Frantziako Famili Liburuen zehaztapenak

Hegoaldean estatuak emititzen duen familia liburua, 1990 urtetik aurrera edo, inprimatutako testuak euskaraz ere egon arren, zenbait informazio erdara hutsean dago, eta eskuz betetzen diren datuak, ia beti, erdaraz betetzen dute funtzionariek. Zigiluak ere, erdara hutsean daude.

Baina larriena hauxe da: bai gu bai gure seme-alaben datuak Erregistro Zibiletako liburuetan erdaraz baino ez dituzte erregistratzen, liburuok berak ere, oraindik orain, erdara hutsean daude eta langile gehienak erdaldunak dira.

Liburu horrek legea bete dezan, hau da euskaraz ere egon dadin behin eta berriz eskatu izan dugu baina ezetza jaso dugu hainbestetan. Delako liburu hori “erdi sakratutzat” daukate Hegoaldeko Erregistroetan behintzat, aparteko inolako aipamen idatzirik ezin baita  bertan egin, arduradunaren baimenik gabe.

Gainera, gurasoek behartzen gaituzte erdarazko Erregistro Liburu hori sinatzen. Honen aurrean, guraso batzuek uko egin diote erregistratzeari, erdarazko liburu bat ez sinatzearren. Ondorioz, Erregistro Zibilak berak erregistratzen ditu, nahiz eta ez izan gurasoen izenpea.

Iparraldean estatu frantsesaren konstituzioak ez du hizkuntza frantsesaz kanpoko beste hizkuntza bat ere errekonozitzen eta ez du aukerarik ematen euskaraz egiteko.

ENA Elkartearen prentsa oharra: 2003.11.06.
ENA Eguna: “Herritartasuna eta Europa”

Euskal Nortasuna Elkarteak, ENA, bere 6. urteurrena ospatu zuen pasa den urriak 26an Arruazun, IV ENA egunaren karietara. Egun honetako gaia hauxe izan zen: Herritartasuna eta Europa.

Gonbidatuen artean, lau herrialdeetako ordezkariak izan ziren: Galizia, Asturies, Kantabria eta Katalunia. Saboiakoek ezin izan zuten etorri baino haien nortasun agiriari  eta autoetako matrikulari buruzko informazioa igorri zuten, hitzaldian azaltzeko.
Ordezkari bakoitzak bere herrialdeko nortasunari eta hizkuntzari buruzko informazio interesgarria eman zuen:

Galiziakoak “Manifesto Conmemorativo do 70 aniversario do Recoñecemento Internacional de Galicia como unha nacionalidade” izeneko txostena irakurri zuen.
Asturiasekoak, Uvieun, asturieraren alde egindako 20.000 laguneko manifestazioa azpimarratu zuen, haien herrialdetik kanpo inor gutxik jakin izan duena eta “Llingua asturiana, nacionalidá y Europa” txostena irakurri zuen.

Kantabriako eledunak Euskal Herrian inork gutxi ezagutzen duen “kantabrieraz” irakurri zuen bere txostena: “La desuropaizaición que ya está aquí y la globalizaicion del pais cantabru”.

Azkenik, Kataluniakoak, euren hizkuntzaren ikuspegi historikoa eta oraingo egoeraren laburpen interesgarria eskaini zuen: “Una identitat amb arrels que volen projectar cap al futur”.

Ondoren, ENA Elkarteari buruzko informazio interesgarria eman zen: 31.150 euskal nortasun agiri egin direla jadanik (hau da, euskal herritarron %1,2k daukagu ENA agiria), aurten egiten hasi garen agiri berria: Euskal Sendi Agiria, hau da, familia identifikatzeko erabil daitekeen agiria, 17 udal eta elkarteek laguntzen dutela agiriak tramitatzen, eta, amaitzeko, ENA Elkarteak argitaratu duen 5. liburuaren aurkezpena egin zen: “ENA: 6 urteko kronika”.

Liburu honetan, azken sei urte hauetan elkarteak egindako lanaren laburpena ematen da: liburuak, aurkezpenak, egindako agiriak, laguntzen duten elkarte eta udalak, ofizializatu duten udalak, e.a. Horrez gain, ENA agiria erabiltzeko gida praktikoa ere gehitu da liburuaren bigarren zatian. Liburu hau Durangoko Azokan egongo da salgai. Horrez gain,  ENA zein Sendi Agiria egiteko ere egongo da Azokan.
Goizeko ekitaldia amaitu ondoren, bazkaria eta, arratsaldean bertsolariak eta musika izan ziren.

Gogoratu behar da hauxe dela egiten den laugarren eguna. Lehenengoa ENA Eguna Bermeon ospatu zen Euskal Herritartasuna gaiarekin, II.a Etxalarren Herritartasun Bikoitza eta III.a Alontsotegin Paperik gabekoak eta Herritartasuna.
Zoritxarrez, ENA Egunaren informazioa medio askotara bidali bazen ere, egunkari bakar batek atera zuen.

ENA Elkartearen prentsa artikulua: 2002.02.13.
DNI ez da elebiduna

Orain dela gutxi, prentsa agentzien bidez, Espainiako Gobernuak DNI “elebiduna”ri buruzko hainbat informazio plazaratu du. Esandakoen artean oker asko dagoenez, esaten denaren eta egia denaren arteko aldea azpimarratu nahi dugu gutun honen bidez.

Lehendabizi, gaztelania hutsean hitz asko jarraitzen dutela esan beharra dago: agiriaren izena (DNI), “Ministerio del Interior”, “Val.” (válido), “España”. Ikusten denez, haientzat “oinarrizkoak” diren berbak ez dute “beste hizkuntzetan” jarri, zertarako?. Gu behintzat, izen batean ados gaude: DNI. Ez dugu uste NAN edo antzekorik jarri behar denik. Beste estatuetako siglak normalean ez dira itzultzen (BOE, INEM…). Gainera, euskaldunontzat izena eta izana bat etorri omen direnez, ez dugu uste “izatez” kanpotarra dugun agiri  bat “izenez” euskaldundu behar dugunik.

Agiriak dituen testuez gain, zelan betetzen duten ere aztertu behar da. Eta, arlo honetan, berriro hutsune nabarmenak daude “elebiduna” izan nahi duen karnet honetan. Pertsonen izenak, deiturak, kale, herri eta herrialdeen izenak, gehien-gehienetan erdara hutsean daude, nahiz eta izen batzuk ofizialak ez izan, “Vizcaya” eta “Guipuzcoa” esaterako. Ez dute Aldundiek erabakitako izen ofiziala erabiltzen.

Gobernuaren albisteak beste “baieztapen” bitxia dakar: herritar askok agiri elebiduna eskatu dutela. Hau ez da egia, ezin delako erdara hutsezko DNI, erdi elebidunagatik trukatu, karneta galdu edo lapurtu ez badizute behintzat. Agiri berria, bakarrik, karneta berriztatzera joaten direnei ematen diete. Alegia, ez dutela euskal herritarrak liluratu agiri berriarekin, izan ere, nahiz eta gure hizkuntzari zirrikituren bat zabaldu, DNIren koloreak ez dira oso erakargarriak. Hori aipatu gabe karneta eskatzera nora joan behar den!

Gainera Francok asmatutako nortasun agiri espainiarra benetako demokrazi aroan sartzeko, Europako herrialde gehienetan egiten den moduan egin beharko litzateke: derrigorrezkoa ez izatea, alegia, ez behartu herritarrak DNI edukitzen eta eramaten.

Nafarroan ez dute eredu berria banatuko. Zertarako? Hizkuntz diktadurapean bizi direla (garela) behin da berriz jakinarazi behar ahal zaie? Nafarroa, espainiar demokraziaren termometroa bihurtu da.

Baina, DNIri buruzko berriak dakarren garrantzitsuena ez da artikuluan bertan irakur daitekeena. Frankismo garaian bezala, gaur egun ere, “lerro artean” irakurri jakin behar da, albisteak bere osotasunean ulertu ahal izateko. Zergatik behar izan dute 20 urte baino gehiago karnet batean 10 euskal hitz sartzeko?. Zergatik orain?

Arrazoi asko daude baina, Euskal Herrian dauden 29.000 ENA agiriek badute zer esanik gai honetan. Orain ez dago DNI bakarrik eta, horregatik, zerbait egitera behartuta ikusi dira. Hala ere, haientzat beranduegi dela uste dugu, herritarrek, osotasunean euskaraz dagoen agiri bat zer den eta karteran eramateak zer sentiarazten duen badakitelako.

ENA, izena eta izana

ENA Elkartearen prentsa artikulua (zentsuratuta egunkaritan): 2001.06.02. ENAk aurrera jarraitzen du: Euskal Nortasuna Elkartearen adierazpena
Kursaalen eratutako Udalbiltzak egingo duen Naziotasun Aitormena dela eta

Kursaalen eratutako Udalbiltzak ENA Erakundeari proposamen bat egin dio, orain arte jaulki dugun agiria bertan behera uzteko, haiek sorturiko Naziotasun Aitormenari bidea utziz.

1.- Proposamenean Udalbiltza honek ENA Erakundeak egindako lana publikoki baloratua izatea eta agiria nolabait aintzat hartu izana eskertzen da. Izan ere, Udalbiltza sortu zenetik, Nortasun Nazionaleko Batzordeak ez du gurekin inolako kontakturik izan nahi, nahiz eta guk biltzeko eskaera egin.

2.- Udalbiltza honek beste nortasun agiria egitea erabaki du, aldez aurretik gurekin inolako kontsentzuzko proiekturik adostu barik, inolako informazio truke edo elkarlan ildorik zehaztu barik. Haien proiektua ez da ENA proiekturen osagarri edo garapen gisa egin, orain arte egon den ENA herri ekimena erabat ordezkatzeko proiektu gisa baizik.

3.- Udalbiltza honek ENA herri erakundeak baino askoz ordezkaritza politiko handiagoa dauka eta, beraz, zalantzarik gabe, honelako ekimena burutu dezake.

4.- Hala ere, une honetan, ez da egokia beste nortasun agiriaren proiektu desberdina abian jartzea, besteak beste honako arrazoiengatik:

•    Aniztasun politikoa. Mota askotako alderdi eta herritarrek egin dute ENA agiria (EA, EAJ, HB, EAE-ANV, AB…), eta, zentzu horretan, orain arte agiri honek aniztasun politikoaren adierazlea izan da, eta agiriak babes politiko zabala lortu du. Udalbiltzaren agiriak, ordea, ez dakigu alderdi askoren babesa izango duen. Orain arte bederen, ezker abertzaleak bakarrik bultzatzen du eta haien udal batzuk baino ez dute Naziotasun Aitormena onartu. Beraz, ezker abertzalearen agiria izateko arrisku handi-handiak dauzka.

•    Udalbiltzaren egoera. Zoritzarrez, Euskal Herri mailan dugun nazio erakunde bakarraren egoera ez da ona. Batetik, alderdi bi zuzendaritzatik kanporatua izan ziren eta hauek, hautetsi independienteen laguntzaz, bigarren Udalbiltza sortu du. Beraz, bi Udalbiltza ditugu gaur egun. Egoera tamalgarri honek gure herriaren historian hainbat aldiz gertatutako zatiketak berriro gertatzen direla erakusten digu. Egoera honetan, Udalbiltzetako batek nortasun agiri bat egitea, bestearen ezetza ekarriko du, ez du parte hartuko proiektu horretan. ENA erakundeak, aurreko Batzar Nagusian hartutako erabakiari jarraituz, bi Udalbiltzak biltzen saiatu izan da, nortasun agiri bakarra egoteko, ahalegin guztiak eginez. Baina, Udalbiltza biek ez dute bideragarri ikusi agiri bakar bat adostea.

•    Herritarren artean nahasmena eta etsipena ebitatzea. Honelako proiektuak kontu handiz kudeatu behar dira. Behin gizartean zerbait egonez gero, ezer aldatu, bikoiztu edo ordezkatu beharrean, askoz hobeagoa da hasitakoa hobetu edo garatzea. Herritar asko eta asko, ENAz gain, Naziotasun Aitormen agiria ikusita, oso nahastuta eta harrituta daude. Ez dute ulertzen zergatik egon behar diren bi agiri. Bi proiektu egoteak nahasketa sortu du eta herritar askori ilusioa sortu baino, etsipena sortarazi die.

•    Herri ekimen bat deuseztu nahi izatea. Herritik sorturiko proiektuak gutxitan ikusten dira begi onez boteretik. Baina, zoritxarrez, herri mugimenduaren lidergoa dutenak ere ez dira gai izan, kasu honetan, haien kontroletik kanpo zegoen proiektu hau errespetatzeko. ENA erakundea, hasiera-hasieratik ideologia guztietako pertsonez osatu zen, eta izan dugun lehentasuna herritarrei agiri bat ematea izan da. Horretarako, gainerako gai guztiak bigarren edo hirugarren lekuan utzi dira (norberaren adskripzio politikoa, abertzaletasun mota, e.a.). Horrek askatasun osoa eman digu proiektu herritarra bultzatzeko, herritar guztiei irekita. Horrela, gaur egun, ENA erakundean 13 udal, 14 elkarte, 30 laguntzaileen sare bat, eta militante multzo eder batek hartzen dugu parte.

5.- Bigarren Udalbiltzak ez dio inolako garrantzirik eman bere Naziotasun Aitormenak ekarriko duen kalteari.

Aurreko puntuetan aipatutako gai guztiak kontuan hartuz, ENA Erakundeak, gaur, 2001eko ekainaren 2an, Durangoko Pinondo Etxean burututako Batzar Nagusian, ondorengo erabakia hartu du:

Euskal Nortasun Agiria (ENA) jaulkitzen jarraitzea, alegia, orain dela 3 urte eta erdi hasitako bideari eutsita, ENA agirian, 25.000 herritarrek jarritako ilusio eta konfidantzari segida emanez.

Horrez gain, Batzar Nagusiak gai honetan zerikusia duten erakundeekin, Udalbiltza biak barne, harreman eta elkarlanean jarraitzeko erabakia hartu du, etorkizunean euskal nortasun agiri bakarra egon dadin.

Durango, 2001eko ekainaren 2an
Euskal Nortasuna Erakundea osatzen dugun
Udal, Elkarte, ENAkide eta Laguntzaileen izenean.

ENA Elkartearen prentsa artikulua: 2001.02.19.
Euskal Nortasun Agiria: baten ordez bi?

Euskal Nortasun Agiria egiteko, orain dela hiru urte luze erakundea sortu genuenean ez genekien gai honek horrenbeste eragin izango zuenik gure herriaren eraikuntzan. Hasieran, abertzaletasunean oro har, gai honi ez zioten ia garrantzirik eman. Izan ere, karneta zabaltzen hasi ginenean, jende askoren aldeko iritzia eta laguntza jaso bagenituen ere, banaka batzuek gure ekimena kritikatu zuten: ea euskal bertsioko DNI bat egin behar ote genuen, ea karneta eramatea ezinbestekoa izan beharko zen…, edo gaiaz “paso” egin zuten.

Baina herritarrek agiria eskura izaten hasi zenean, gauzak erabat aldatu ziren. Hasieran ehundaka batzuk ziren, baina urte batera, mila baino gehiago izatera pasa zen. Orduan jendeak erabiltzean, lagunei erakustean, edozein erakunderen aurrean identifikatzean, orduan ENAk zuen izugarrizko balioa antzematen hasi zen.

Orduan, enakideok gauza bakar batez damutu ginen, ENA agiria 1985 urtean sortu ez izanaz. Urte horretan elkartean dagoen kide batek, kartulina baten gainean eskuz egin baitzuen “ENA-euskal nortasun agiria” izena zeraman lehenengo agiria, oraingo agiriaren aitzindaria.

Agiria gaur egun

Gaur egun 16.000 pertsonak dute agiria. Berauek egiteko, ordu askotako lana burutu behar izan da: oraindik euskarazko grafia erabaki gabe zeuden hainbat deitura, herri askotako kale izenak euskaraz zelan diren argitzea, enakideei laguntza eskatu lokalak eta hasierako ordenagailuak erosi ahal izateko, e.a.

Baina egindako lanak merezi izan du, herritarrek ikusi dutelako DNI edo Cart d’Identité gabe, neurri handi batean bederen, bizi daitekeela, gestioak egin daitezkeela. Herritarrroi ilusio handia eman digu, agiri hau izatea “piska bat” independienteago izateko balio izan zaigulako.

16.000 ENAdunen artean, ia ideologia guztietako herritarrak daude, kirolariak, politikariak, jende famatua, sindikalistak, presoak, e.a., agiriak onespen zabala lortu duelako.

Nor garen

Erakundea sortu zenetik, berau handitzen joan da. ENAkideez gain, egunez egun zabaltzen ari den sarea eratu da. Batetik Laguntzaile gisa 10 bat elkarte, erakunde edo talde daude. Haiek, talde edo herri mailan, ENAren berri zabaldu eta agiria bultzatzen dute.

Bestetik Herri Laguntzaile asko dagoz, bakoitza bere herrian agiriaren sustapen lana egiten duena eta agiria egiteko aukera eskaintzen dutenak. Gehienak euskararen aldeko mugimendukoak dira eta ENA bultzatzean, euskararen normalizazioa sustatu nahi izan dute, herritarren izen-deituretan eta kale eta herri izenetan euskal izendapen egokiak

Udalak ere, agiriaren sustatzaile nagusienetako bihurtu dira. Gaur egun 12 udalek bultzatzen dute ENA, agiriaren eskaera udalean bertan tramitatzen dutelarik. Udal hauek Nafarroako, Gipuzkoako eta batik bat Bizkaikoak dira eta haien alkatetzatan, EH, EAJ, EA eta independienteak aurki daitezke. Udal guztien artean, 30.000 biztanle dituzte.

Alderdien babesa. Orain arte, Bizkaiko Eusko Alkartasunak eta baita ANV alderdiak agiriari eman diote babesa eta haien militanteen artean berau bultzatzen ari dira.

Bai Euskal Herriari

ENA martxan jarri zenetik ia bi urte pasatu zirenean, iazko udan, kanpaina mediatiko handi baten laguntzaz, Bai Euskal Herriarik sinadura bilketa hasi zuzen, Udalbiltzak nortasun agiria egin zezan bultzatzeko.

Herritar askok ekimen biak bateragarriak ikusi zituzten, sinatzeaz gain ENA egin dutelako. Beste batzuk sinatu baino ez zuten egin, eta beste zenbaitek ez zuen sinatu, ENA agiria jadanik zutelako eta horiek zabaltzea, agiri ofiziala lortzeko, sinatzea baino tresna eraginkorragoa iruditzen zitzaielako.

ENA erakundean, kanpaina hau harridura handiz hartu genuen. Batetik prentsatik jaso genuen horren berri, ekimenaren bultzatzaileek ez zutelako aurretik gurekin inolako hartu-emanik izan. Bestetik, Udalbiltza presionatzeko nortasun agiria erabiltzen zelako. Nahiz eta euskal herritar guztiok Udalbiltzak aurrera joan nahi, desegokitzat ikusi genuen agiria tentsionamendu tresnatzat hartzea. Honez gain, kanpainan zehar, zenbait aldiz “Euskal Nortasun Agiria” izendapena erabili zen, bi urte lehenago abian jarri genuen agiriaren izena. Honek, zenbait nahasketa sortu zituen eta herritar asko, bi ekimenak nahasten hasi ziren.

Azkenik, esatearen politika bultzatzen zelako. Izan ere, gauzak lortzeko, bi jarrera erabil daitezke: esatearena (eskatu, sinadurak bildu,…) eta egitearena (ekintza burutu eta kitto). Gure herri honetan, zoritxarrez, esatearen politika arlo askotxotan gailentzen da. Adibidez, mugimendu ekologista, azken 20 urteotan, ez da gai izan energia alternatiboko enpresak sortzeko, erakundeei funtzionamendu ekologistaren aldeko konpromisoak hartzera bultzatzeko (paper birziklatua erabili, kontsumo energetikoa gutxitu, …), etxe bioklimatikoak eraikitzeko. Araua baieztatzen duen salbuespen gisa, zarama berezien bilketa eta ekomezularitza arloko bi enpresa baino ez dira sortu. Gainerakoetan, proiektu desarrollistak kritikatzera mugatu da (oso ondo eginda dagoena baina nahiko ez dena benetako alternatiba sortu nahi baldin bada behintzat). Alemanian, adibidez, mugimendu ekologistak, desarrollismoaren kontra borrokatzeaz gain, gaitasuna izan du mota guztietako zerbitzu eta enpresak sortzeko: janari biologikoak, hedabideak, kultura, finantza entitatea, e.a.

Mugimendu euskaltzalean, ordea, esatearen politika askotan erabilia izan bada ere (euskara Europan ofiziala izateko bildu ziren 300.000 sinadura –Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handiena-, euskararen erasoak salatzea…), egitearen politikak indar gehiago dauka (ikastolen sorrera, herri aldizkari eta hedabideen sorrera, bai euskarari konpromisoak, e.a.). Horri esker, euskaraz jaso daitezkeen zerbitzuak handitzen ari dira.

Bai Euskal Herriari ekimenak, nortasun agiriaren aldeko sinadurak biltzean, esatearen politika bultzatzen ari zen, jadanik, egitearen politikan oinarritutako proiektua (ENA agiria) lausotzen zen bitartean. Behin 125.000 sinadura bildu ondoren, orain dela urte bete bezala gaude: Udalbiltzak ez du nahi urrats garrantzitsu hau eman nahi, alegia, euskal nortasun agiri ofiziala egitea.

Batzuek, 125.000 euskal herritarrek agiri ofiziala nahi dutela jakiteko balio izan duela ekimen honek esango dute, baina, gure iritzi apalean, euskal nazionalismoa bultzatzen duten herritar guztiek, Udalbiltzaren proiektu atzean zeuden asmo guztiak babesten dutela ziur gaude: euskal selekzioak, Euskal Herria nazio gisa jokatzea Europan, euskararen ofizialtasun osoa, e.a.

Udalbiltza

Udalbiltza sortu zenean, euskaldun guztiak bezala, enakideok ere poztu egin ginen. Izan ere, euskal herritarroi dagozkigun agiriak zabalduko dituen erakundea bagenuen.
Gainera, Udalbiltzak sortutako batzorde bat Euskal Nortasuna zuen izena, alegia, guk urte bete lehenago sortu genuen erakundearen izen eta xede berbera.

Harremanetan jartzeko ahaleginak egin genituen baina ez genuen haien aldetik inolako erantzunik lortu. Gero, bere funtzionamendua erabat izoztu zenean, bide horretatik ezer bideratzeko esperantzak galdu genituen.

Ondoren, Udalbiltzaren Aldeko Hautetsien Mugimendua sortu zen. Talde honetan, jadanik, alderdi abertzale garrantzitsu bi falta ziren, EAJ eta EA, baina ekimenak aurrera ateratzeko borondatea ikusten zen.

Iazko urrian, Bermeon ENA Eguna egin zenetik, bilera egiteko eskaera egin genien, beste alderdiei egin genien moduan, eta, abenduan, Nortasun Batzordeko ordezkari bat gurekin bildu zen Bilbon. Bilera horretan, Udalbiltzaren aldeko Hautetsien Mugimenduak (UAHM) egin nahi zuen agiriaren proiektuaz hitz egin zigun, eta, bikoizketak ebitatzearren, egin zitekeena aztertzearen beharraz. Guk haien proposamena zehazteko eskatu genion, gero ENA erakundean parte hartzen duten laguntzaile, udal eta alderdiekin eztabaidatzeko. Baina, abendutik hona, ez dugu haien beste informazio zuzenik jaso.

Ba dator bigarren Nortasun Agiria

Martxoan UAHMek beste nortasun agiria plazatuko duen zurrumurrua zabaltzen ari da.

Argi dago ENAn parte hartzen dugunok ez genuela erakunde politiko gisa funtzionatzeko jaio, eta UAHMaren ordezkaritza politikoa oso handia dela eta badutela agiri bat egiteko guk baino ordezkaritza politiko askoz gehiago.

Hala ere, bigarren agiri honen atzean indar handiak badaude ere (1.000 hautetsi inguru), politikoki ezker abertzalean kokatutako nazionalistak baino ez daude, eta, agiri berria, mugimendu politiko honen nortasun agiri gisa azaltzeko arrisku handiak daude. Horrela balitz, herri baten nortasun agiriak izan behar duen aniztasun politikoaren ikuspegia erabat desagertuko litzateke.

Bigarren agiri honek ENA erakundea egoera zail batean uzten du. ENAn gauden kide, laguntzaile eta alderdiak (Bizkaiko EA eta ANV), honen aurrean erabaki bat hartu beharko dugu baina, seguruenik, ENA proiektua aurrera jarraitzeko erabakiko da. Izan ere, ezker abertzaletik kanpo geratzen den euskal nazionalismoak eta, ildo ideologiko argirik ez duten hainbat herritarrek ere, nortasun agiria izateko aukera galduko lukete ENA ez balego.

Nahiz eta ikuspuntu independentistatik milaka proiektu egiteke egon, UAHMek egin nahi duen lehena, nortasun agiria, jadanik abiatuta dagoen baten ordezko bat da. Zergatik agiria egin beharrean, ez dituzten gauzatzen oraindik abian jarri ez diren proiektuak. Nortasun nazionalaren alorrean, adibidez, proiektu asko daude, egiteko errazak eta neurri handi batean autofinantzatu daitezkeenak: pasaportea, familia liburua, Euskal Erregistro Zibila, Interneten bidez gure nazio izaera azaltzea.

Kultur alorrean ere argitaletxe guztiei kaleratzen dituzten liburu bana eskatu ahal zaie, Biblioteka Nazionalaren oinarria jartzeko, edo hainbat herritarrek etxean gordeta dituzten balio handiko materiala biltzeari ekin: kartelak, liburuak, folletoak, e.a. Edo kirol alorrean estaturik gabeko olinpiada txikiak antola litezke, edo erakunde bat sortu euskal selekzio guztiak babestuko dituena ekonomikoki eta sozialki. Arlo guzti-guztietan ehundaka proiektu abian jar daitezke. Zertarako hasi lanean jadanik martxan dagoen bat ordekatuz?

Zoritxarrez, egingo duten lehenengo gauza beste herri ekimen bat ordezkatzea da. Gauzak bikoiztea eta ordezkatu nahi izatea, lehen, Gasteizen boterean dagoen alderdiaren gustukoa izaten zen baina, badirudi, orain politika hori beste esparru politikora ere zabaldu dela.

Gure proposamena

Gure proposamena hauxe da: Udalbiltzak edo bere errautsetatik jaioko den lehenengo erakunde nazionalak nortasun agiri ofiziala egin arte, ENA agiria bultzatzea, erakundean alderdi, sindikatu eta mugimendu sozialak parte hartuz, dituen hutsuneak konponduz, indarguneak bultzatuz eta, denon artean, herritik sortutako ekimen hau indartuz.

Nortasun Agiriaren proiektua apurka-apurka egin behar den ekimen bat da, publizitate kanpainarik gabe, herritarren atxikimendua astiro-astiro berenganatuz eta udalez udal onespen ofiziala lortuz.

Herritarrak ezin ditugu bi agiriekin nahastu, bikoizketak sortu eta, azkenik, jendea gogaitu.

ENA Elkartearen prentsa oharra: 2000.10.07. Urriaren 29an, Bermeon, ENA Eguna

Hilaren 29an, Euskal Nortasun Elkarteak, bere hirugarren urtea ospatuz, ENA EGUNA-BILTZARRA egingo du Bermeon. Egun horretan hainbat ekitaldi burutuko dira: agiria bultzatzen duten udalei harrera, hitzaldia, umeentzako jolasak, bertsolariak, bertso bazkaria, dantzaldia, agiria eskatzeko aukera…

Herritar guztiak, ENAdunak bereziki, gonbidatzen ditugu Jai-Biltzarrean parte hartzera, euskal nortasunaren ikurra ere bihurtu den nortasun agiria lagunduz.

Une honetan 10.500 pertsona euskal herritar gisa dokumentatuta daude. Eguneroko harremanetan, erosketetan, kontratuetan, udaletxetan, kiroldegietan eta abarretan euskal herritar gisa azaltzen dira.

ENAren onarpena zenbait udalerrietara zabaltzen ari da. Une honetan hamar udalek nolabaiteko onarpena eman diote agiriari: Aduna, Alonsotegi, Amoroto, Astigarraga, Bermeo, Etxalar, Lekeitio, Mendexa, Sopuerta eta Turtzioz.

Udalez gain, Espainiako epaile batek ere onartu egin du agiria identifikatzeko, bai epaiketan bertan bai Ertzaintzarekin. Beraz, badirudi ez bakarrik euskaldunentzat, espainiarrentzat ere ENA agiri baliagarria izan daitekeela.

Epai honek, Francok sorturiko DNI dokumentuak identifikatzeko orain arte izan duen “monopolioa” hautsi egiten du. Aurrerantzean, beste agiriak, ENA besteak beste, erabili ahal izango dira. Bide hau zabaldu eta bultzatu egin behar dugu.

Baina, beste epaile batek, ostera, delitutzat hartu du nortasun agiria bultzatzea. Horregatik, desobedientzia zibila sustatzeagatik atxilotutako herritarrei gure elkartasuna adierazi eta haien askatasuna eskatzen dugu.

Albistea Argian eta Garan 2000-09-21.  Epai batek ENA idetifikatzeko baliagarritzat eman du

Epai batek Euskal Nortasun Agiria (ENA) identifikatzeko baliagarritzat eman eta Iñigo Fernandez de Martikorena absolbitu egin du. Iazko uztailean Bilbon buruturiko presoen aldeko kontzentrazio batean Ertzaintzak identifikatzeko eskatu zion Fernandez de Martirikorenari.

Gazteak Nortasun Agiri Nazionala erakutsi ordez ENA atera zuen, eta ondorioz auzipetua izan zen. Orain ordea, Bilboko Instrukzio epaitegi batek Iñigo absolbitu du.

Epai batek ontzat eman du ENA identifikatzeko “Gara”

ENA Elkartearen prentsa artikulua: 2000.08.04. ENA, naziogintzan urrats sendoa

Orain dela hiru urte, ENA elkartea sortu genuen, batetik euskal nortasunaren inguruan hausnarketak, hitzaldiak, liburuak eta abar lantzeko. Bestetik, euskal nortasuna adierazteko agiriak sortu eta zabaltzeko: nortasun agiria, familia liburua eta pasaportea. Lehenengo puntuari dagokionez, euskal izenak biltzen dituen liburu bat argitaratu da, baita hitzaldi batzuk eman ere. Bigarrenari dagokionez, oraingoz nortasun agiria egin da eta berau, ENA elkarteak egindakoaren alderdirik ezagunena da, ia10.000 agiri egin eta banatu egin direlako.

Orain dela hiru urte, abertzaletasunean oro har, ez zioten ia garrantzirik ematen gai honi. Izan ere, karneta zabaltzen hasi ginenean, jende askoren aldeko iritzia eta laguntza jaso bagenituen ere, banaka batzuek gure ekimena kritikatu zuten: ea euskal bertsioko DNI bat egin behar ote genuen, ea karneta eramatea ezinbestekoa izan beharko zen… Argi zegoen, Espainiako karnetaren esperientzia negatiboak izagarrizko eragina zuela. Zorionez, ENA agiria eskuratu duen edozeinek baiezta dezakeenez, ENA edukitzeak bestelako esperientzia positiboa dakar: euskal herritar gisa edonon eta edozeinen aurrean azaltzea.

Orain dela hiru urte ez zegoen Udalbiltza, ez zegoen euskal agiria egingo duen erakunderik.

Egindakoa, lortutakoa

Hiru urte pasa dira eta Agiriari buruz, hiru urte emankor hauetan, hainbat gauza esan beharra dago:

Erabilera. Alderdi hau garrantzitsuena da. Zifra zehatzak ez dira baina, jendeak esandakoaren arabera, ENA leku eta egoera guztietan erabiltzen da: zenbait kontratu egitean (Gasa…), hoteletan, kanpinetan, botua emaan (200 bat lagunek bozkatu dute ENArekin), udaletxetako zerbitzuetan, aireportuetan, aurrezki kutxetan, merkataritza zentro handietan eta abarretan. Egunero, 400 bat bider inguru erakusten da dokumentu hau.

ENAren erabileraz bitxikeri asko ere konta litezke baina, bat aipatzeagatik, Afrikatik etorritako etorkin bati gertatu zitzaiona ekarri dugu orrialde honetara. “Paperik gabe” zegoen baina, urte batzuk lanean zegoenez hemen, ENA eskatu eta egin zitzaion. Egun batean, Hendaian, jendarmeek dokumentazioa eskatu zioten. Honek ENA erakutsi eta eurek “A, bon, le carnet de l’autre coté du Pays Basque, c’est bien, allez”. Zorionez, euskal agiria Euskal Herritik ibiltzeko balio izan zitzaion.

Gainera desobedientzia zibila ere bultzatzen du. Kasu askotan onartu nahi izan ez dutenean, jendeak desobedientzia jarrera hartu eta askotan, amaieran, onartu izan diete: adibidez, kreditu txartelaz ordaintzean, supermerkatuko erosketa guztiak bertan uzteko esan eta azkenean onartu izan dute ENA…

Eztabaida soziala. Baina ENAren lorpen garrantzitsuena, duda gabe, gai hau zabaltzea eta eztabaidatzea izan da. Gero eta jende gehiagok ezagutzen du, eskatzen du, interesa du gai honetaz. Herritarrek ikusi dute DNI edo Cart d’Identité gabe, neurri handi batean bederen, bizi daitekeela, gestioak egin daitezkeela. Herritarrroi ilusio handia eman digu, agiri hau izatea “piska bat” independienteago izateko balio izan zaigulako.

Errepresioa. ENA garrantzitsua da eta Madrilen horrela ere ikusi dute. Haien egunkari gehienetan gaia agertu da, behin baino gehiagotan, oso modu negatiboaz. Zenbait euskal herritarrei, poliziak jarritako kontroletan, ENA ostu diete, edo haien aurrean apurtu. Pertsona bat, identifikatzeko ENA erabili zuelako, isun handi baten aurrean dago. Fiskaltzan, “goitik”  instrukzioak jaso dituzte gure erakundea “aztertzeko”.  Ez dakigu etorkizunean zer etorriko den haien aldetik baina argi dago estatuetarako gai inportante bihurtu dela.

ENA erakundearen atzean zer dagoen

Ideologikoki, mota askotako jendeak parte hartzen du ENAn. Irekia da, edonork har dezake parte eta ez dago inolako alderdiri atxekituta. Parte hartzeko “baldintza” bakarra dago: euskalduna izatea, izan ere, erakundeak euskaraz funtzionatzen duenez,  hizkuntza nazionala ezagutu barik nekez izan liteke bertako partaidea.

ENAkideak. ENA zabaltzen eta bultzatzen erakunde eta mota askotako pertsonak daude. Erakundean zuzenean laguntzen dutenez gain, hiru motako bultzatzaile dago: Laguntzaileak, Herrietako ordezkaritza laguntzaileak, eta Udalak.

•    Laguntzaile gisa 10 bat elkarte, erakunde edo talde daude. Haiek, talde edo herri mailan, ENAren berri zabaldu eta agiria bultzatzen dute. Honez gain, ehun lagun inguru aritzen dira agiria bultzatzen: mahaiak herrietan jarri eskaerak zabaltzeko, orriak zabaldu leku desberdinetan gero jaso eta bidaltzeko, e.a.

•    Herrietako ordezkaritza laguntzaileak. Herri batzuetan, bertako erakundeak prest azaldu dira laguntzeko, besteak beste, honakoak: Getxoko Bizarra Lepoan, Donostiako Bagera, Basauriko Euskarabila, Gazteizko Bagare, Tolosako Galtzaundi, Arrasateko AED, Bergarako Jardun, Sakanako Guaixe eta Bierrik, Durangoko Berbaro, Oñatiko Laizan, Sopelako Zurt Desobedientzia Taldea, Mamarigako Kultur Etxea, ZENA (Zarauzko ENA).

•    Udalak. Zortzi udalek nolabaiteko onarpena eman diote agiriari: Bermeo, Lekeitio, Alonsotegi, Turtzios, Etxalar, Amoroto. Beste batzuetan eztabaidatu dute eta beste batzuetan, oraindik ez badute onartu ere, agiria bultzatzen dute.

Erakunde, elkarte eta norbanako laguntzaile sare honi esker, 10.000 agiri egin eta zabaltzea lortu da.

Agiria egiten dihardutenak. Agiriak egin ahal izateko lan militante asko egon da eta gaur egun ere badago. Hasieratik behar izan ziren bi lokal (egiteko lekua eta lehenengo ordezkaritza) lehenengo bi urteetan musu truk lortu ziren. Ostean, bulego bat alokatu behar izan zen leku gehiago behar zelako.

Lankideen lan baldintzak, zoritxarrez, elkarte askok dituztenen antzekoak dira. Hori dela eta, hiru urte hauetan aldaketa handiak egon dira, bost lankide lan hobeen bila joan direlarik.

Ekonomiari dagokionez, gastu guztiak nekez estaltzen dira dauden diru sarrerekin. Izan ere, agiria modu artesanalez egiten da, banan banan. Gainera, lokalaren alokairuak, liburuaren argitalpenak eta erosi behar izan den oinarrizko azpiegiturak (mahaiak, ordenadore gehiago…) oraindik zenbaki gorrietan egotera behartu gaituzte.

Badakigu ENA proiektuak zenbait hutsune badituela, baina, uste dugu, balantzea eginez gero, positibo aterako litzateke, naziogintzarako emandako urratsa oso garrantzitsua izaten ari delako.

Bai Euskal Herriari

Orain dela gutxi Bai Euskal Herriari ekimena sortu da, Udalbiltzak nortasun agiria egin dezala eskatzeko. Horretarako, besteak beste, sinadurak biltzen ari dira.

Herritar askok ekimen biak bateragarriak ikusi dituzte, eta sinatzeaz gain ENA eskaerak ere bete dituzte, biak zabaltzen eta handitzen diren neurrian, Euskal Herriak izango duen bigarren nortasun agiri ofiziala lehenago egingo duelako Udalbiltzak; ez dugu ahaztu behar Hegoaldean, Errepublika garaian sorturiko Eusko Jaurlaritzak lehenengo agiri ofiziala sortu zuela.

Guk ere ekimen biak bateragarri ikusi nahiko genituzke, mendi bat igotzeko, bide bat baino gehiago egon daiteke eta, bakoitza zailtasun edo “eraginkortasun” desberdinez.

ENA eta UDALBILTZA

Udalbiltza sortu zenean, euskaldun guztiak bezala, ENAkideok ere poztu egin ginen. Izan ere, euskal herritarroi dagozkigun agiriak zabalduko dituen erakundea bagenuen.
Gainera, Udalbiltzak sortutako batzorde bat Euskal Nortasuna zuen izena, alegia, orain dela hiru sortu genuen elkartea izen eta xede berbera.

Udalbiltzak onartu duen lehenengo aurrekontuan ere diru kopuru hau jarri du agiriari buruz proiektu bat egiteko.

ENA, erakunde gisa, proiektu horretan laguntzeko prest dago, gure irizpide eta, orain arte metatutako lan eta esperientzia aportatuz:

Kontuan hartzeko irizpideak:

•    Agiriak. Udalbiltzak, ez du bakarrik aztertu behar nortasun agiria egitea, jadanik 10.000 karnet kalean daudelako edo Bai Euskal Herriari ekimenak hori eskatu diolako. Ikusmira handiagoa izan beharko luke eta edozein Naziok behar dituen oinarrizko dokumentu guztiak aztertu beharko lituzke: herritartasun agiriaz gain, Familia Liburua eta Pasaportea.
•    Erregistroa. Agiri hauek Euskal Herriko Erregistro Zibil Nagusiarekin batera garatu beharko lirateke. Erregistro honetan, Ipar eta Hego Euskal Herrian bizi direnez gain, atzerrira joandako euskal herritarrek eta haien ondorengoek egoteko eskubidea izango lukete. Baita gure naziora lan egitera etorri diren etorkinek ere, Espainiakoak zein Marokkokoak izan.
•    Euskara. Gure hizkuntza proiektu honen ardatza izan behar du. Horregatik, orain arte ENA agiriek betetzen dituzten hizkuntza baldintza berdinak bete beharko lirateke gure ustez:
– Eskaera fitxa euskara hutsean.. Erdaldun askok oinarrizko berbak ezagutzen dituzte (izen-deiturak, herria…), eta piperrik ere ulertzen ez dutenak, galdetu izan dute eta bete egin dituzte eskaera fitxak. Euskarazko berbak ikasi dituzte.
–   Agirian dauden testu estandarrak euskara hutsean (jaioteguna, deitura…). Ez genuke egoki ikusiko hiru hizkuntza erabiltzea. ENAn testu horiek euskara hutsean daude eta herritar guztiek onartu izan dute.
–   Deiturak. Erdarazko karnetetan dituzten deituren grafia erabili baino lehen, Euskaltzaindiak emandako irizpideak proposatu herritarrei. Oraindik eman ez baditu (euskal 30.000 deituren grafia normalizatzeko dago oraindik), agiria egin baino lehen, Euskaltzaindiaren irizpidea lortu. Lan hau aprobetxatu beharko litzateke sortu beharko den Euskal Erregistro Zibil Nagusian euskal deiturak euskal grafia egokiaz idazteko.
–  Herri eta Kaleen izenak. Euskal Herriko kale eta herri askoren euskal izenak oraindik ez dira ofizialak. Baina, ENAn, euskarazkoak ofizialtzat hartzen dira beti.

Esperientzia: ENA elkarteak, Udalbiltzari, hiru urte hauetan metatatuko lana eskain diezaioke: ia Euskal Herri osoko kaletegien datu basea (24.000 kale), deituretan landutako lana, euskal izenen bilketa, azpiegitureei buruzko gaiak…

Orain arte egindako ENAk. Gaur egun 10.000 daude eta hilero-hilero 800 inguru gehiago egiten dira. Udalbiltzak karneta egiten hasten duenean, gure iritziz, gaur egun daudenak ordezkatu beharko lituzke, herritar askok, Euskal Herriko agiriaren alde egindako erronka eskertuz.

Noizko euskal nortasun agiri ofiziala? Udalbiltzak oztopo asko gainditu beharko ditu agiri ofiziala egin arte. Izan ere, banderekin, irakaskuntzarekin… gertatzen den bezala, nortasun agiria ez da gauza sinbolikoa, nazio baten egituraketan oinarrizko zutabea baizik. Eta, horregatik, eraso asko etorriko dira Madriletik zein Parisetik proiektu hau gauza baino lehen.

Eta orain ENArekin zer?

Euskal nortasun agiri ofiziala izango dena hurbilago dagoela badirudi ere, oraindik hilabeteak eta agian, urte batzuk pasatu beharko dira.

Epe hau laburtzeko, argi dago zer egin behar den: ahalik eta ENA gehiago izan, ahalik eta gehiago erabili leku guztietan, ahalik eta udal eta erakunde gehiagok onespena eman.

Abertzaleok ENA bultzatzen jarraitu behar dugu, orain arte bezala. Gure herriaren historian horixe ikasi dugu, gauzak ez direla eskatzen ibili behar: ikastolak, aldizkari eta egunkariak, intsumisioa, euskara udaletan… gauzak esan eta egin izan dira, ezeren zain egon gabe. Eta behin zabaldu eta finkatu direnean, orduan sortu dira egoera egokiak horiek behin betiko finkatzeko.

ENA Elkartearen prentsaurrea 2000.06.19. Hiru urteko emaitza

1. Sarrera

1997ko azaroan EUSKAL NORTASUN ELKARTEA sortu zen. Elkarte honetan mota askotako jendeak parte hartzen du: sustatzaileak, laguntzaileak eta ordezkaritzak. Guztira, 80 pertsonak harremana dute elkartearekin ENA agiriak zabaltzen laguntzeko.

Elkarteak, besteak beste, bi helburu argi ditu:

•    Euskal nortasunaren inguruan hausnarketak, hitzaldiak, ikerketak, aritkuluak, liburuak eta abar landu: euskaltasuna, euskalduntasuna, baskotasuna, abertzaletasuna, nazionalitatea…
•    ENA agiria ahalik eta gehien egin, zabaldu eta erabili.

2. Agiriaren ezaugarriak

ENAren ezaugarriak honakoak dira:

Hizkuntza. Euskara da dokumentuan erabiltzen den hizkuntza bakarra. Baita Elkartearen bileretan, agirietan, adierazpen publikoetan, eta abarretan erabiltzen den bakarra.

Izenak. Agirietan pertsona bakoitzak erabiltzen duen izena jartzen da (euskaraz, espainieraz edo frantsesez). Hala ere, arlo honetan informazio oparoa jaso da eta 3.200 izenekin liburu bat argitaratu da. Honez gain jarraitzen dugu izenak biltzen. Asko jota, 5.000 euskal izen egon daitezkeela aurreikusten da.

Abizenak. Agirietan euskal deiturak euskal grafiaz jartzen dira ezinbestean (zenbait salbuespenekin, herritarrek hala eskatzen badute: Mujika eta ez Muxika, e.a.. ) Horretarako, erreferentzia egokia dago: Euskaltzaindiaren deituren liburua. Liburu honetan 10.000 deitura biltzen ditu, baina asko eta asko oraindik ez dira azaltzen bertan. Izan ere, euskal deituren kopurua 30.000 inguru edo gehiago izan daitezke. Zalantzak daudenean Akademiara jotzen da grafia nola izan behar den galdetzeko.

Helbideak. Elkartea 26.000 kale izen bilduko dituen datubase bat prestatzen ari da, hau da, Euskal Herrian dauden kale izen guztiak. Arlo honetan, hegoaldeko hiriburuen kale izenak jadanik normalizatuta daude, Euskaltzaindiak aztertu dituelako. Herrietakoak gu moldatzen ari gara irizpide berdinak erabiliz.

Herriak. Herri eta udalerrien izenak euskaraz jartzen dira, kontuan hartu gabe zein den haien izen “ofiziala”. Kontuan hartu beharra dago ia udalerri erdiek oraindik ez dutela ofizializatu euskal izena.

Zenbaketa. ENA agiriek ez dute DNI edo Carte d’identiten agertzen diren zenbakiak erabiltzen. Zazpi digituko zenbakia dauka, Euskal Herrian eta diasporan (lehenengo edo bigarren belaunaldia) herritarren kopurua 10.000.000tik behera dagoelako. Zenbakiari letra bat jartzen zaio, herritarra zein herrialdekoa den bereizteko: nafarra, arabarra…

Informazioa. Herritarrei informazioa ematen zaie Espainia edo Frantziako Erregistroetan zer egin behar den grafia egokia jartzeko…

3. Erabilera eta eragina

Elkartea orain dela bi urte t’erdi sortu zenean, hilero 40 bat agiri egiten ziren. Iaz aurkezpen publikoa egin zenetik kopurua bikoiztu zen, eta, apurka apurka handitzen hasi zen. Durangoko Azokan 1.000 ENA eskaera egin ziren eta, une honetan, hilero ia 1000 agiri egin eta zabaltzen dira.

Guztira, une honetan, 8.000 ENAdun daude Euskal Herrian. Herritarrek leku askotan erabiltzen dute jadanik agiria: zenbait kontratuak egiterakoan, hoteletan, kanpinetan, botua emateko, udaletxetako zerbitzuetan, aireportuetan, aurrezki kutxetan.

Gainera desobedientzia zibila ere bultzatzen ari da. Kasu askotan onartu nahi izan ez dutenean, jendeak desobendientzia jarrera hartu eta askotan, amaieran, onartu izan diete: kreditu txartelak ordaintzean, supermerkatu erosketa guztiak bertan uzteko esan eta azkenean onartu izan dute ENA…

Baina ENAren lorpen garrantzitsuena orain arte, duda gabe, gai hau zabaltzea eta eztabaidatzea izan da. Gero eta jende gehiagok ezagutzen du, eskatzen du, interesa du gai honetaz.

4. Ordezkaritzak, laguntzaileak eta Udalak

ENA zabaltzen eta bultzatzen erakunde eta mota askotako pertsonak daude. Haiei esker, sare bat zabaldu da herritarrek errazago egin ahal izan dezaten. Honako lekuetan daude gaur egun ordezkaritzak:

•    Euskara Elkarteak: Getxoko Bizarra Lepoan. Donostiako Bagera, Basauriko Euskarabila, Gazteizko Bagare, Tolosako Galtzaundi, Arrasateko AED, Bergarako Jardun, Sakanako Guaixe eta Bierrik, Durangoko Berbaro.

•    Bestelako erakundeak: Sopelako Zurt Desobedientzia Taldea, Mamarigako Kultur Etxea, ZENA (Zarauzko ENA)

Laguntzaile gisa beste 40 bat elkarte, erakunde, talde eta norbanakoak daude. Haiek ere ENAren berri zabaldu eta agiria bultzatzen dute.

Bost udalek nolabaiteko onarpena eman diote agiriari: Bermeo, Lekeitio, Alonsotegi, Turtzios eta Etxalar. Beste batzuetan eztabaidatu dute eta beste batzuetan agiria bultzatzen dute.

5. Hedabideak

ENAren gaia izugarrizko hedapena izan da komunikabideetan. Guztira 22 medio desberdinetan azaldu da, Euskal Herrikoetan zein Espainiakoetan: aldizkari lokalak, egunkariak, irratiak, telebista. Medio batzuetan 7 aldiz baino gehiago. Horrek gai honek pizten duen interesa adierazten du argi eta garbi.

6. Etorkizunerako lan ildoak

ENAren historian, hiru fase izango direla aurreikusten genuen jadanik pasa zen urtean:

•    Finkatzea
•    Zabaltzea
•    Udalbiltza

a)    Lehenengoa, agiria finkatzea, bete egin da: elkartea sendotu, agiria ezagutarazi eta gutxienezko erabilera lortu.

b)    Orain bigarren fasea heldu dela uste dugu, zailena izan daitekeena: zabaldu eta gauza masiboa bihurtu. Horretarako, datozen hiru urte hauetan honako lanak egitea aurreikusten dira:

•    Agiria hobetu. Agiria beraren kalitatea hobetu: sendoagoa, falsifikatzeko zailtasunak jarri, e.a.
•    Sarea zabaldu: herri garrantzitsu gehienetan ENA egiteko aukera izatea. Horretarako ordezkaritza eta udal laguntzaileen kopurua hirukoiztea espero da.
•    Elkartea Erakunde bihurtu: nahiz eta elkarte irekia izan, zuzen eta zeharka laguntzen duten 80 kide edo erakundeez gain, gizartearen alor eta erakunde gehiagotara zabaldu nahi dugu gure jarduna, partaide gehiago izateko: gazte elkarteak, alderdiak, sindikatuak, …
•    Kopurua handitu. Hilero, 1000 egitetik 5000 egitera pasatu nahi da urte betean.
•    Ofizialtasuna apurka-apurka udalek agiriari ofizialtasuna ematea lortu, baita sindikatuek eta alderdiek haien afiliatuen agirietan erabiltzea, enpresek fakturetan sartzea… Honela, errazago izango da hirugarren fasera heltzea.

c) Udalbiltza: behin betiko ofizialtasuna. 200.000 euskaldunek ENA izatea, 100 udalek eta hainbat erakundek agiriari onespena ematea lortzen dugunean, orduan, eta ez lehenago, Udalbiltza behartuta egongo da gai hau bere gain hartzen, errealitate soziala bihurtzen denean. Une horretan ENA Elkarteak metatuko lana, prozedura, informazioa eta emango dizkio Udalbiltzari.

Bitartean herri ekimenak ENA bultzatu behar du, orain arte bezala. Gure herriaren historian horixe ikasi dugu, gauzak ez direla eskatzen ibili behar: ikastolak, aldizkari eta egunkariak, intsumisioa, euskara udaletan… gauzak esan eta egin egin dira, ezeren zain egon gabe. Eta behin zabaldu eta finkatu direnean, orduan etorri dira onespen eta aitorpen ofizialak.

ENArekin gauza bera gertatuko dela uste dugu. Horregatik, ENA zabaltzen eta erabiltzen jarraitzen dugu, zuen laguntzarekin.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s